XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Jesuitek goi-mailako klaseen beharrei erantzuten diete - esan zuen M'Coy jaunak.

-Bai - esan zuen Kernan jaunak.

- Horregatik ditut begiko. Ez beste zenbait apaiz sekular ezjakin, buru-iritzi...

- Denak dira gizon onak -esan zuen Cunningham jaunak-, zein bere erara. Irlandar apaizak oso laudetsiak dira mundu osoan.

- Bai horixe! - esan zuen Power jaunak.

- Ez kontinenteko beste apaiz batzuk bezala esan zuen M'Coy jaunak, izen horren duin ere ez dira eta.

- Arrazoi izango duzu agian -esan zuen Kernan jaunak, baretzera eginez.

- Horixe dudala arrazoi -esan zuen Cunningham jaunak.

- Ez dut alferrik pasatu hainbeste denbora munduan, eta ez dut alferr ik ikusi hainbeste gauza, jendearen nortasuna ezagutu behar ez badut.

Beste trago bat egin zuten berriro gizonek, batak bestearen exenpluari jarraiki.

Kernan jauna buruan zerbaiti bira eta bira zebilela ematen zuen.

Miretsirik zegoen.

Oso iritzi onean zeukan Cunningham jauna nortasun-ezagutzaile eta aurpegi-igarle gisa.

Xehetasunak eskatu zituen.

-Erretiroaldi bat besterik ez da, zera -esan zion Cunningham jaunak.

- Aita Purdonek zuzenduko du. Negozio-gizonentzat da, badakizu.

-Guri ez digu gogorregi egingo, Tom - esan zion Power jaunak, beregana ekarri nahian.